Ospakizun isila

Eskubaloiaren munduan EGIA K.E. beti izan da nortasun handiko kluba, Egia auzoan errotuta. Auzoaren eragile soziokulturala izanik, jokalari gehienak auzoko eta gertuko gazteak dira, inguruko ikastolekiko kolaborazio estuari esker.

Baina horretaz gain, EGIA K.E. Donostiako kluba ere bada, eta eskubaloia jokatzen dutenei edota eskubaloiarekin gozatzen dutenei ere irekita dago. Horregatik, kluba osatzen duten 17 taldeetan Donostiako auzo guztietako neska mutilak aurki ditzakegu. Donostian eskubaloia lantzen duten 4 klub daudela azpimarratu behar da. Klub hauei esker eskubaloia babestu, bultzatu, landu eta sustatu egiten da gure hirian.

Ildo horretatik, denboraldi honetan EGIA K.E.-aren taldeek lortutako igoerak berri onak dira, ez bakarrik EGIA K.E.-arentzat, baita Donostiako eskubaloi familia osoarentzat ere: emakumezkoetan, Egia Petritegi senior taldeak Euskadiko Txapelketara igotzea lortu du; Euskadiko txapelketan ere egongo dira hurrengo denboraldian Egia Baztarre eta Egia Indaux, jubenil eta kadete mutilak. Berri onen zerrenda Egia Kopidin senior taldeak osatzen du, nazionaleko 1. maila mantentzea lortu baitu.

2019ko bazkari herrikoia

Igoera horiek ezin izan ditugu kantxan ospatu, ezta tradizionala den klubaren bazkari herrikoian ere, urtero klubaren jokalariak, gurasoak, kolaboratzaileak eta lagunak biltzen dituena, 250-etik gorako partaiderekin. Osasun-egoera dela eta, ezin izan dugu antolatu hainbeste maite dugun ekitaldi hori, klub osoaren, baina bereziki igoera lortu duten taldeen omenez.

Hala eta guztiz ere, aprobetxatu nahi dugu gure eskerrik beroenak emateko klubaren babesle guztiei eta auzoko elkarte guztiei. Urtez urte haien laguntza eta babesa eskaini dizkigutelako eta bazkariaren menua dohainik prestatu dutelako. Biba zuek!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude