Gaztetxoekin ilusioak partekatzen

Zein aspergarria izan den azken ikasturte hau. Inor ez gara libratu pandemiak ezarri gaituen markaketa itolarritik eta, are gutxiago, etxeko txikienak. Klubeko ekipo denek sufritu dute, era desberdinetan, koronabirusaren zama, baina norbaitekin gogoratu behar bagara, horiek gaztetxoenak dira.

Argazkia: Egia K. E.

Horregatik, klasetako ikasturtea amaitu eta jarraian, bost eguneko teknifikazio-ikastaroa antolatu dugu, eskubaloiarekin disfrutatzeko. Ez genekien nolako egoera izango genuen, baina gaztetxoekin zorretan geunden, eta horregatik aktibitate hau antolatzea erabaki genuen.

Auzoan eta etxebizitzatik hurbil eta eskuragarri izateko, bi ikastaro antolatu ditugu: EGIA polikiroldegian eta AMARA BERRI ikastetxean. Familien erantzuna ezin hobea izan da. Kontuan izan behar da azken urteetan inguruetako ikastetxeekin elkarlanean jardun dugula kirol hezkuntzarako, eta horrek asko lagundu digu ikastaro hauek ongi antolatzeko. Parte hartu duten ikastetxeen artean, hauek izan dira kirolari gazte gehien erakarri dituztenak: Amara Berri, Zuhaizti, Maria Reina, Aitor ikastola, Zurriola ikastola, San Luis -La Salle-, Mundaiz eta Intxaurrondo  ikastola.

Argazkia : Egia K. E.

Neska-mutilen parte-hartzea oso parekatua izan da, guztiak gaztetxoak, eskubaloian hasiberriak, 4., 5. eta 6. mailakoak. EGIA polikiroldegian orotara 38 gaztetxok parte hartu dute, 18 neska, 20 mutil, eta AMARA BERRIn 26, 5 neska eta 21 mutil. Goizero, 10:30tik 12:00tara, giro ederrean jardun dute kirola praktikatzen oporraldi atarian, lagunekin jolasten, lagun berriak egiten, Euskarazko aisialdian.

Argazkia : Egia K. E.

Bizi izan den esperientziak asko animatu gaitu tunel luze honetatik irteterakoan. Bagenekien, ikusten genuen, tunelaren bukaerako argia distiratsua izango zela. Horrenbeste eragozpen pasa eta gero, une gozoak etorriko zirelakoan geunden, eta espero baino arrakastatsuagoa izan da. Asko pozten gaitu gaztetxoek emandako erantzunak, disfrutatzen ikusteak, ilusioaren iturri direla jakiteak.

            Beste behin baieztatu dugu lankidetzan eta ilusioz eta gogoz egindako ekimenek emaitza oparoak ematen dituztela.

Argazkia: Egia K. E.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude