Eztia ezpainetan

Hala geratu zen Egia Baztarre Taberna jubenil taldea Euskadiko txapelketarako igoera fasean. Joan den asteburuan jokatu zuten Bizkaiko Urduliz herrian eta, zoritxarrez, taldeak ezin izan zuen igoera Donostiara ekarri, denboraldi bikaina borobiltzeko saria.

Hasiera ezin hobea izan zen, etxeko taldeari argi menperatuz (31-25), baina hurrengo bi partidetan bi porrot mingarri jaso zituen gure taldeak, biak gol diferentzia minimoekin, Ereintza Aguaplast (31-25) eta SIMA Corazonistas (20-19) taldeen aurka. Txapelketaren amaieran taldea 4. sailkatu zen, igoeraren saria lortzeko aukerarik gabe.

Ezusteko horrek ezin du taldea egiten ari den denboraldi bikaina ilundu, eta aste honetan lehiaketara bueltatuko da Gipuzkoako Trofeoan, berriz ere sailkapenaren goiko postuetan amaitzeko helburuarekin.

Zorionak eta segi aurrera, mutilak!

Egia Baztarre Taberna jubenil taldea

Sariak banatzen jarraitzen dugu!

Aurtengo loteriarekin diru mordoa (😉) banatu dugu gure lagunen eta kolaboratzaileen artean. Hori gutxi balitz, joan den astean loteriarekin batera zozketatutako saskia eman genien haren irabazleei, Garmendia eta Txetxu Aranzazti senar-emazteei. Alabak gure jubenil taldean jokatzen duenez, saria etxean geratu dela esan daiteke.

Zorionak, familia!

Gabonetako loteria

EGIA K. E.-ko Gabonetako loteriaren ordainketa 2020ko urtarrilaren 8-tik aurrera egingo da, 23 zenbakiko loteria administrazioan, Egiako Virgen del Carmen 45 helbidean (Donostia).

Zorionak saritu guztiei eta mila esker klubarekin kolaboratzeagatik!

Zergatik Egia Eskubaloia? (DV 19.12.05)

David Rodriguezek, jokalari ohia eta harrobiko entrenatzailea, idatzi zituen lerro hauek, eta Diario Vascon 2019ko abenduaren bostean argitaratu ziren. Artikulu osoa irakurtzeko, egin klik esteka honetan.

David Rodriguez naiz eta 20 urteetan zehar eskubaloi jokalari profesionala izan naiz han eta hemen. Bidai luze horretan, milaka esperientzia on eta txar bizi izan ditut eta nire kirol bizitzaren azken pausoak Egia Eskubaloian eman nituen. Hor ezagutu nituen edozein kirol kluben inguruan garrantzia handia duten, edo beharko luketen, balio nagusiak: elkarlana, berdintasuna, elkartasuna, euskal giroa, auzolana…

Egia K.E.-ko jokalari gazteenak entrenatzen hasi baino lehen. ARGAZKIA: A. SISTIAGA (DV KIROLAK).

Edozeinek pentsatu dezake Egia Donostiako beste auzo bat besterik ez dela, baina oker egingo du. Izan ere, herri atmosfera bikain batek inguratze gaitu hemen bizi garen guztiak. Mila ekimen daude martxan hemen urte osoan zehar, elkartasuna auzoko DNAn guztiz barneratuta dago, euskal giroa edonon arnasten da eta berdintasuna dugu oinarri Egian bizi garenok. Eta egia esan, oraindik ez dakit ziur nork kutsatu duen nor, auzoak kirol elkartea edo alderantziz.

Unax, nire semea, orain dela bi urte etorri zitzaidan eskubaloia egin nahi zuela esanez. Eta inongo zalantzarik gabe, Egiako bidea hartu nuen. Segur aski, edozein klubetan aurkitu ditzakegu kirolak dituen balore on guzti horiek, asko behintzat bai, baina nire semearentzako Egia auzoak eta auzoko klubak dituzten balore plus horiek nahi ditut, noski. Gaztetxoak euren lagunarteko giroan egotea oso garrantzitsua delako, eta baita etxea, ikastetxea eta euren lagunak eta familia gertu sentitzea ere. Hain zuzen ere, kirola, aisialdia, zaletasuna eta abar gero, norberaren izaeran erreferente bilakatuko direnak, era natural, jator eta konfiantzan oinarritzea.

Nik ere horrelaxe sentitu nuen guzti hau jokalari bezala azken urteak bizitzera bertara itzuli nintzenean. Izan ere, kanpoko egonalditik etorri nintzenean, bertako edozein lagunarteko bezala aurkitu nintzen lehen entrenamenduan bertan. Eta hemen gaude; bera jokalari eta ni, azkenean, Alebin taldearen entrenatzaile. Horrenbeste urte eskubaloian eman ondoren, gaztetxoak ilusioz beteta ikustea gauza handia da. Bertan, ilusio berdinak konpartitzen dituzte eta lagunartekotasuna eta adiskidantza sendotzen joango bait dira. Egia Eskubaloiak kutsatu gaitu.

Egin klik esteka honetan gehiago irakurtzeko.

Denboraldiaren hasiera

Eskubaloiko 2019-2020 denboraldia hasi da eta Txapelketa maila guztiak dagoeneko martxan daude. Momentu egokia izan daiteke aurtengo EGIA K. E.-aren aurreikuspenak eta kirol-helburuak errepasatzeko.

Aurtengo denboraldian baikorrak izateko motiboak badaude. Lehenenik eta behin, iazko talde kopuru berdina osatu da, baina jokalarien kopurua dozena bat gehiago da, ia beste talde bat osatzeko aukeran! Azpimarratu nahi dugu ere aurten senior emakumezkoetan bi ekipo osatzea lortu dugula. dira, eta jubeniletan ere bigarren taldea osatzeko zorian geratu garela, klubean nesken pisu espezifikoa gero eta handiagoa dela adieraziz.

Harrobiko taldeetan, klubaren bitxirik preziatuenetariko bat, ere pozik egoteko zenbakiak lortu ditugu. Eskubaloi-eskolan 15 laguneko neska-mutilen taldea osatu da, eta ziurtatu dezakegu goiko kategorietako ekipoek jarraipena badutela eta auzoan eskubaloi-zaletasuna bizirik jarraitzen duela.

Senior gizonezkoetan KOPIDINek, 1º Nazionala mailakoa, nahiz eta balio handiko jokalari batzuk faltan botako dituela (Markel Beltza eta Gurutz Artetxe, besteak beste), iazko 13. postua hobetzea du helburu. Berdin gertatzen da senior gizonezko KOSKO, lurraldeko 2. mailakoa, sailkapeneko lehenengo postuetan mantenduko dela espero dugu, 1. mailara igotzeko lehian. Senior kategorian jarraituz, emakumezkoa PETRITEGI, itxaropentsu egoteko hasiera bikaina izan da. Aurreko bi urtetan sailkapenean bigarren postuan sailkatu ondoren, badirudi, Uxue Ezkurdiaren laguntzarekin, aurtengo urtea eurena izango dela eta Euskal Ligara igotzeko faboritoen artean kokatu da.

Jubenil gizonezkoak ere gerra emateko daude. Klub gutxi izango dira hiru ekipo jubenil dauzkatenak, eta horietatik bi, ENDIKA H. eta BAZTARRE, 1.-7. postuak lehiatzeko taldean dagoeneko sailkatuta daude. Jubenil emakumezkoetan ekipo bakarra dago eta denboraldi txukuna egitea izango dute helburu. Animo neskak!

Kadete neska-mutiletan helburu nagusiak, prestakuntzaz eta hobekuntzaz aparte, ondo pasatzea, kirolaren zaletasuna, adiskidetasuna, e.a. dira helburu nagusiak. Egongo da denbora kirol-helburu handiagoak lehiatzeko. Edonola ere, oso kategoria garrantzitsua da, hurrengo urteetarako oinarriak sendotuko baitira.

Klub gehienetan aurkitzen den gabezietariko bat nabari da EGIA K E-an ere: entrenatzaile trebatuen falta. Zorionez, jokalari zaharragoak, trebatuak eta eskarmentu handikoak arduratzen dira ekipo gazteei irakasten; haien konpromisoari esker aurrera atera ditzakegu aipatutako kirol-helburu guztiak. Aurten bereziki zorionekoak gara David Rodriguez, Bidasoa taldearekin Europako Txapelduna izana, alebin eta infantil kategorietako entrenatzailea izango delako. Gainera, Gorka Letek, Bidasoa taldean ere entrenatzailea izana, jubenil ekipoa hartu du eta Aitor Llenera-rekin batera, 1. nazionaleko entrenatzailea, elkarlanean zuzendu eta formatuko dituzte entrenatzaile gazteagoak.

Gero gerokoak, baina ligako lehenengo partidak ikusi ondoren, baikorrak izateko aitzakiak baditugula dirudi. Aipatutako aurreikuspenak betetzen badira, zoriontsu eta harro egoteko motiboak izanen dira; eta helburuen lorpenik gabe geldituz gero, ere bai, zeren lortzen saiatu direnen satisfazioa eurengan eramango dutelako. Horretaz ziur egon!

Abian Eskubaloi-eskola, 2008-09 urteko neska-mutilentzat

LH5 eta LH6 ikasten ari diren neska mutilei zuzendua (alebin kategoria, 2008-2009 urteetan jaioak), Egiaren Eskubaloi-Eskola urriaren 1ean hasiko da.

Argazkia: Egia Eskubaloia

Klubaren eta entrenatzaileen esperientzia aprobetxatuz, eskolak eskubaloia ezagutarazi nahi die gaztetxoei eta, joko eta ariketa egokiak erabiliz, eskubaloiaz lagunekin disfrutatzea eta, aldi berean, trebetasunak hobetzea dira Eskubaloi-Eskolaren helburu nagusiak.

Ikastetxeetako eskola-kirolaren osagarria denez, entrenamenduak urriaren 1ean hasiko dira eta astean bitan izango dira, astearteetan eta ostegunetan, 18:00-19:00 ordutegian, Egiako kiroldegian (instalazioan sartzeko Donostiako Kirol Patronatuak Kirol Txartela eskatzen die haur guztiei). Igandeetan, noizean behin, Donostia aldeko taldeen arteko partidak antolatuko dira, betiere eskola-kirolaren jardunaldiarekin bat etorriko ez direnak.

Hori dela eta, eskubaloia gustuko baduzu edo probatzea gustatuko balitzaizu, jar zaitez gurekin harremanetan edo pasa zaitez lehenengo entrenamendutik (urriak 1, arratsaldeko 18:00etan Egiako kiroldegian).

Fenix Toulouse txapeldun!

Argazkia: Larra

Fenix Toulouse taldeak 25. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa irabazi zuen atzo Bidasoa-Irunen aurka jokatutako finalean (25-26). Iazko edizioan ez bezala, aurten Toulouseko taldeak Bidasoa menderatzea lortu zuen, bigarren zatian bikain jokatu eta gero, defentsan batez ere. Lehenengo zatian Bidasoa aurretik joan arren (14-12 atsedenean), ezin zuen gainditu Toulouseren bigarren zatiko defentsaren intentsitatea. 3. eta 4. postuen partidan, Anaitasunak irabazi zuen Logroño-La Rioja taldearen aurka, berriz ere gol bakar batengatik.

25. edizio honen balorazioa ezin hobea da, bai kirolaren eta bai antolakuntzaren ikuspuntutik. Azpimarratzekoa da partida guztien kalitatea eta parekotasuna: gol batekoa izan da diferentziarik handiena partiden amaierako markagailuetan!

Irakurri finalaren kronika osoa Diario Vasco-n.

Bidasoak eta Toulousek iazko finala errepikatuko dute

Argazkia: Larra

Atzoko finalerdietako bi partidak oso parekatuak izan ziren. Lehenengo finalerdian Bidasoak gol bakar batengatik menderatu zuen Logroño-La Rioja taldea (29-28). Azken jokaldian Kukic-ek, Logroño-La Riojaren jokalariak, partidua berdintzeko aukera ere izan zuen, baina Bidasoaren atezainak, Ledok, gelditzea lortu zuen.

Bigarren finalerdian Helvetia Anaitasuna eta Fenix Toulouse taldeek berdinketan (29-29) bukatu zuten partida, eta 7 metroko marratik erabaki behar izan zuten irabazlea. Bertan, Toulousek 4-2 inposatu zen, atezainak egindako lan bikainari esker.

Gaur 18:00etan Helvetia Anaitasuna eta Logroño-La Rioja taldeek 3. eta 4. postuak izango dute jokuan eta 20:00etan Bidasoa-Irunek eta Fenix Toulousek iazko finala errepikatuko dute.

Diario Vasco: 25. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa abuztuaren 22tik 24ra egingo da

(Diario Vasco-n argitaratuko berria. Irakurri berri osoa esteka honetan)

Txapelketaren aurkezpena Udaletxean. Arg.: Donostiako Udala.

Maila handiko emakumeen zein gizonezkoen txapelketa Egiako polikiroldegiak hartuko du

Donostiako Udalak Egia Eskubaloiak antolatzen duen XXV Nazioarteko Eskubaloi Txapelketaren aurkezpena hartu du. Txapelketak hiru eguneko iraupena du eta, bertan, maila handiko emakumeen zein gizonezkoen eskubaloia ikusteko aukera egongo da. (Ikusi esteka honetan txapelketaren egutegi osoa).

Donostiako zinegotzi Mariaje Idoetak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol departamentuko arduradun Kepa Garciak, Egia Eskubaloiko arduradun Xanti Jakak eta Alex Elezgaraik, C.D. Bidasoako presidente Gurutz Aginagaldek, Super Amara Bera Berako arduradun Tati Garmendiak, eta Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidente Francis Barrosek txapelketaren aurkezpenean parte hartu dute.

Jarraitu irakurtzen