Konfinamendutik indartsuago

Koronabirusaren pandemiak kirol guztien gainean inpaktu handia izan du, eskubaloia barne. Txapelketaren momenturik delikatuenean, txapeldunak, igoerak eta jaitsierak definitzen ari zirenean, lehiaketen behin-behineko etenaldia ezarri zen, larrialdi egoeraren ondorioz. Bi hilabete beranduago, jokalarien eta zaleen osasuna babesteko, federakuntzek denboraldia bukatutzat ematea eta etenaldiaren aldiunean zeuden sailkapenak errespetatzea erabaki zuten.

Ez dago jakiterik zein izan zitekeen amaierako sailkapena etenaldirik gabe, baina Egia Eskubaloiaren jarraikitasunak, lehiakortasunak eta ahaleginak saria jaso dute oraingo honetan: seniorretan, Egia Kopidin nazionaleko 1. mailan mantentzea lortu du gizonezkoetan eta emakumezkoetan Egia Petritegi senior taldeak Euskadiko Txapelketara igotzea lortu du lehen aldiz klubaren historian. Are gehiago, Egia Baztarre Taberna eta Egia Indaux taldeak ere, jubenil eta kadete mutilak hurrenez hurren, Euskadiko Txapelketan egongo dira, denboraldiaren hasieran helburu zuten igoera lortu eta gero. Zorionak neska-mutilak!

Hurrengo mezuetan xehetasun gehiago emango ditugu berri hauen inguruan, ilusioa eta baikortasuna txertorik onenak izango baitira erronkaz beterik datorren denboraldiari aurre egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude